Feminist Agenda literatur klubak Aitziber Etxeberria Garro elkarrizketatzen du

Gure azken hizketaldi feministan Aitziber Etxeberriaren Olivetti liburuaz aritu ginen eta gure gozamenerako Aitziber bera izan zen gurekin. Hala, aukera hoberena izan genuen liburua ongi aztertzeaz aparte, idazlearengana hurbiltzeko, ba, oso gertuko eta erantzuteko prest azaldu zen. Jarraian berarekin izandako solasaldiaren zati batzuren transkripzioa datorkizue.

Aitziber, zure adinerako ia 4 eleberri eta haur literaturarako liburu bat idatzi dituzu, lehenengo biekin Donostia Opera Prima saria irabazi zenuen. Zure ikasketak eta gero ogibideak zientziarekin zer ikusi handiagoa dute literaturarekin baino. Eta pozten gara zientzia/letrak binomio hori osagarri bezala agertzen denean.

Hasteko, badago zerbait zure ingurugiroan idaztera bultzatzen duena, familian hainbat idazle zarete: aita, bi anaiak, zu... Etxeko giroak laguntzen al du liburuak idazteko orduan?

Baietz uste dut. Zaletasun berdina izateak taldea osatzera darama eta taldeak babesa ematen du: ideiak partekatzea, sormenaren inguruko kezka eta arazoez hitzegiteko aukera izatea, aukera ezberdinak probatzeko edo ezagutzeko parada izatea… Azken finean, sormen prozesu horretan ulertuko zaituen norbait izatea dakar eta hori gauza handia da.

Badirudi zure anaiak ezagunagoak direla euskal literaturan. Zure ustez, neska izateak eragina izan du horretan?

Anaiek nik baino liburu gehiago idatzi dituzte eta hainbat alor jorratu dituzte, hala nola, nobela, haur eta gazte literatura, poesia, komikia, podcastaren munduan ere murgildu dira… Alde horretatik normala iruditzen zait beraien lanak nireak baino oihartzun handiagoa izan izanak. Dena den, emakume izateak, sarri, inplizituki ikusgarritasun txikiagoa izatea dakarrela uste dut. Eta hau, zoritxarrez, ez da literaturan bakarrik gertatzen, orohar emakumeen lana baloratzea eta gizarteratzea gehiago kostatzen da.

Azken urtean, 2020an, Olivetti eleberria kaleratu zenuen. Hori idazteko nondik hartu duzu abiapuntua'? Irudimen hutsa, intuizioa, ala zerbaiten eragina?

Nobela hau idazteko gogoa bi ideia nagusik piztu zuten. Alde batetik, inguruko edo gertuko pertsona baten heriotzaren ondoren, ustez ondo ezagutzen zenuen pertsona horri buruz iristen zaizkizun bizipen edo pasarte berriak jakiteak sortzen duen harridurak eta hildakoari buruz gehiago jakiteko gogoak. Eta bestetik, emakumeek, ospetsuek ere, zientzialariek kasu, bizitza familiarra eta laborala uztartzeko dituzten eta izan dituzten arazoak. Harrigarria iruditu zait hainbat eta hainbat zientzialari emakumek beraien lana burutu ahal izateko bizi behar izan zuten diskriminazio. Horixe izan zen abiapuntua.

Olivetti fikziozkoa izateaz aparte esan dezakegu suspense generokoa ere badela.Hori zen zure asmoa idazten hasi zinenean?

Bai. Hasieratik garbi izan nuen suspensea eta intriga nobelaren osagai garrantzitsu izango zirela. Gustatzen zait genero hori eta gai agian korapilatsuagoak, modu azkarrago eta irakurlearentzako interesgarriago batean azaltzeko parada ematen zidala iruditu zitzaidan. Asko gustatzen zaizkit enigmak eta antzerako asmakizunak eta nobelan haiekin jolastea erabaki nuen. Idazten ere disfrutatu egin nuela aitortu behar dut.

Misterioak argitzeko bidean pistak garrantzisuak dira eta eleberri honetan baliabide hori ugari aurkitu dugu. Zaila izan al da zuretzat misterioa eta sinesgarritasunaren arteko oreka mantentzea?

Beldur apur bat eman zidan “jolasean” gehiegi murgildu eta sinesgarritasuna galtzeak. Niretzat garrantzitsua zen irakurleak berari edo edonori gerta ziezaiokeen kontakizun baten aurrean zegoela sentitzea. Nobela idaztea bukatu eta lehen zirriborroa ingurukoei irakurtzeko eskatu nienean egin nien galderetako bat horixe izan zen, hain zuzen ere, ea sinesgarria gertatu zitzaien. Uste dut lortu nuela oreka mantentzea.

Tramaren bilakaeran suspense adar bat baino gehiago antzematen da. Egia da bakar batek mantentzen duela haria bukaeraraino. Zein izan da arrazoia: irakurlearekin jolastea, adar horren misterioa areagotzea edo idazte prozesu berak eraman zaitu horretara?

Arrazoi bakar bat baino, aipaturiko elementuen nahasketa bat izan dela uste dut, nahiz eta indartsuena idazte prozesua bera izan. Sortzerako orduan ez naiz oso sekuentziala eta ordenatua. Ideiak, pertsonaiak, trama bera buruan izaten ditut baina ez bere osotasunean. Eskema orokorren bat ere izaten dut idatzirik, baina, askotan, istorioan buru-belarri murgildurik nagoenean, barruak aginte makila hartu eta pertsonaia batzuk indartu eta beste batzuk bigarren plano batera eramaten ditu. Olivettiren kasuan horixe gertatu zitzaidan. Hasieran adar nagusi bat nuen buruan baina, idatzi ahala, beste adar bat nagusitu zen.

Feminismoaren ikuspegitik pertsonaien arteko harremanetan eta bizitzeko modu propioetan gai eztabaidagarriak planteatzen dituzulakoan gaude: amatasuna eta aitatasunaren ardurak eta pertsona bakoitzari bizibideak exijitzen dizkionak, norberaren gogoak eta seme-alaben eskubideak, mugak... Zer diozu zuk horretaz?

Ama izatearen hausnarketa bat dagoela uste dut. Ama hitz potoloa da, potoloegia batzuetan. Badirudi, sarri, ama izateak emakume horren beste perfil guztiak gainditzen eta bereganatzen dituela. Ama izateak erantzukizun handia dakar, baita dedikazio eta esklusibotasuna ere eta horrek etxez kanpo lan egin nahi duen emakume batentzat adibidez, buruhauste handiak dakartza, ez baita batere erraza seme alaben zaintza eta lana uztartzea. Aiten kasuan berriz, nahiz eta amaren erantzukizun berberak izan, aitatasuna beste ikuspegi batetik bizi dela iruditzen zait. Aita eta amaren rola parekidea izateko bide luzea geratzen dela uste dut.

Zure liburu guztiak, misterioa eta suspensea mantentzearekin batera, oso erabilgarriak izan daitezke, ikastetxeetan, besteak beste, gazteak irakurketara bultzatzeko eta bertan agertzen diren gaiei buruz eztabaida sortarazteko: ezagupen historikoak, emakumeen eskubideak, rolak, tratu txarrak, adiskidetasuna...Buruan zenuen hori idazterakoan edo horrela atera zitzaizun?

Ez, egia esan, ez nuen horrelakorik buruan eta pozten naiz eztabaidagai badira. Liburua idazterakoan ez dut ez irakurle adinik ez sektore jakinik izan buruan. Barruan nuen ideia garatu eta ahal den erakargarrien egiten saiatu naiz; irakurleak liburuarekin gozatzea, kapitulu bat bukatu eta hurrengoa irakurtzeko gogoa izatea, misterioa eta interesa hasieratik bukaeraraino mantentzea.

Pentsa dezakegu Olivettin solte geratu diren hariak agian aurrerantzean lotzeko asmoz geratu direla? Gu irrikitan gaude!

Izugarri pozten naiz irakurleak gogo horrekin geratu izana. Bai, hari asko solte geratu dira eta idazle bezala hari horiek txirikordatzeko nahia dut, egia esan, hasia naiz jada lan horretan. Kontatu nahi nituen kontu asko erdibidean geratu dira, barruan ditut oraindik ere eta airean geratu diren galdera horien arrastoari jarraitzeko lanari ekin diot. Ea asmatzen dudan!

Eta elkarrizketa hau bukatzeko gehituko zenuke zerbait, liburuari buruz edo Aitziber Etxeberria idazleari buruz?

Barrutik idatziriko liburua dela baino ezin dezaket esan. Kontakizun zuzen eta azkarra dela eta emakumea dela protagonista nagusia. Olivetti idazten benetan gozatu dut eta irakurlea ere istorioaren parte izan dadin saiatu naiz. Idazle bezala, berriz, lanean jarraitzeko asmoa dudala esango dizuet eta zuen iritzi, kritika, ideia eta bizipenak partekatzea zoragarria izan dela baino ezin dezaket gehitu. Irakurleak zarete idazleen euskarririk finena, zuen babesa ezinbesteko hauspo bilakatzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.